XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

PSOE bere aldetik, hilabete berean, Euskadi mailan, lau lurraldeetako partaideak zein egiturak bere baitan elkartuz, Euskadiko Alderdi PSE bezala eratu zen.

Organizazio mailan gauzatu zen aldaketa historiko hau, orduan PSOEk Estatu osorako defenditzen zituen eredu federalista eta nazionalitateen aldeko errebindikazioen ondorioa zen.

Bide batez etorri zen ESEI eta Eusko Alderdi Jeltzaleaz autonomiaren aldeko frontea eratzea.

Horretan, besteak beste, euskal lurraldetasuna kontuan hartuko zituzten audientziak eta barruti unibertsitarioak errebindikatzeaz gain, autonomiaren proiektu komuna, udal hauteskundeak eta konstituzio demokratikoa zein aurrerakoia defenditzen zuten sozialistek aipaturiko talde abertzaleekin bat eginik.

Hala eta guztiz ere, Diktaduraren kontra eta trantsizioko hasieran hain sakon herriratu zen joera mobilizatzaileak laster erakutsi zuen ez zuela amore emango erdietsi gabe zeuden errebindikazioak eskuratu arte.

Izan ere, amnistiaren alde eta egituratze politiko berriaren aldeko mobilizazioek 1977ko udan berriro indar osoz hartu zituzten Euskadi osoko errepideak eta kaleak.

Ordutik aurrera dialektika bikoitza bizkortu zen euskal gizartearen baitan: alde batetik instituzioetan eta bereziki parlamentuko jardueretan garatuko ziren estrategiak, bestetik kale mobilizazioetan, baita ETAren pean aritzen zirenetako ekintzetan ere, oinarri izanen zutenak.

Hauteskundeetako emaitzen balantzeak bukatu gabe zeudelarik eta Madrilgo parlamentuan lehen bilkurak burutzen ari ziren bitartean, euskal errepideak Askatasunaren Ibilaldi jendetsuak zeharkatu zituen amnistia eta estrainatu zein errefuxiatuen itzulera errebindikatuz.

Aipatu dugun Ibilaldia bukatu berria zelarik, betetzeke irauten zuen amnistiaren orokortasunaren seinale nabarmenak bihurtu ziren Jose Migel Apalategi Apala eta estrainatuak. Horien aldeko manifestazio izugarriek lagundu zuten estreinako kurtso politikoaren hasiera.